Hauek dira hitanoa erabiltzeko dauden arau nagusiak:
1. Erabilera arauak
1.1 Arau orokor gisa: zaharragoei ezin zaie hika egin. Baina azkenean konfiantza kontua izaten da. Alegia, badira konfiantza handiko lagunak, nahiz eta edadean diferentzia eduki, elkarrekin hika egiten dutenak. Eta badira adin bereko pertsonak, elkarri inoiz hika egingo ez lioketenak: irakasle-ikasle, nagusi-langile, e.a. (Badira O.B.en hiruzpalau bideo tratamenduaren gainean hitzegiten dutenak: oia-066).
1.2 Hitz egiterako momentuan, ez da kontutan hartzen nor ari den hizketan, baizik eta nori. Hau da, hitz egiten ari dena emakumea bada eta gizonezko bati ari bada toka egingo dio (gizasmeen hikan): Negua torri duk, hotz ziok. Eta beste emakume bati ari bada, noka (emakumeen hikan): Negua torri dun, hotz zion. Eta alderantziz, hizlaria gizasmea bada eta emakumeari ari bada, noka egingo dio: Aurtengua luzia 'men ñeu gaiñea. Eta gizasmeari ari bada, toka: Aurtengua luzia 'men yeu gaiñea. Gizasmeei zuzendutako hitanoa toka da eta emakumeei zuzendutakoa noka.
2. Gramatika arau nagusiak
2.1 Ez da berdina hika eta hitanoa: Guk hitanoz hitz egiteari hika esaten badiogu ere, ez da gauza bera. Hitanoaz hitz egiteko ez da bakarrik bigarren pertsona aldatzen, hau da, ez da bakarrik: zu esan beharrean hi esatea eta horrekin batera aditza moldatzea; alegia, zu zara zuka eta hi haiz hika.
2.2 Aditz paradigma ia osoa aldatu egiten da. Ni, hi (gizasmea), hi (emakumea), hura, gu eta haiek aditz propioak dituzte hitanoan, zukatik ezberdinak. Zu eta zuek bakarrak dira aldatzen ez direnak, edo bestela esanda, hitanoko tratamendua jasotzen ez dutenak. Eta hori aditz jokabide guzietan (indikatiboko forma guzietan, baldintzan, ahaleran, aditz trinkoetan, e.a.).
2.3 Markak: Aditz laguntzaile guzietan betetzen ez bada ere, ia denetan k/n eta t/ñet(ñat) ezaugarriak ageri dira. Alegia: gizasmeen hikan Kz bukatzen den letra, emakumezkoan Nz bukatuko da: nak/nan (zukako naz). Eta berdin, gizasmeen ttiT emakumeen ttiÑET (zukako ttut).
2.4 Lehenaldian, ia gehinetan -en atzizkia gehituko zaio orainaldiko aditz laguntzaileari: zik/ziken eta zin/zinen (zukako zitt/zitten). Baina beti ez da arau hau betetzen: esaterako, NOR-NORKen, bigarren pertsona singularrak, hikakoak, hitz guztia aldatzen du: duk/yun, dun/yunen, ttik/zittiken, ttin/zittinen, e.a.
2.5 Hitz bera, kasu askotarako: Aditz berak kasu askotarako erabiltzen dira (ongi edo gaizki erabiliak). Esaterako, ziken/zinen aditzek 8 erabilera ezberdin dituzte (ikusi O.B.ko hiztegian).
3. Oiartzungo ezaugarriak (edo akatsak)
Ezaugarri bereziak ditu Oiartzungo aditzak (askotan akatsaz ere jo daitezkenak). Ez hitanoan bakarrik, zukan ere badaude. Baina hitanoa ulertzeko balio dezaketenez, ikus web orrialde honetan bertan: 'Aditza' atalaren barruan, 'Azalpenak' atalean, 'Oiartzungo aditzaren ezaugarriak'.
4. Denak ez dira akatsak
Hitanoz ari garenean, askotan konturatuko gara, guk ez bezela esaten dizkigula aurrekoak aditzak. Batzutan akatsak dira, bestetan aldaerak.
4.1 Akatsak:
4.1.1 Nau edo zitt: Zuka, esaterako, gustatzen nau famatua dago. Oraindik bizirik dauden aitona-amonek zitt esaten dute, beraz, nau gaizki erabilita dago adibide honetan (nor-nori).
4.1.2 Nau/'it/zitt edo nau/nau/nau: Zaharrek Donostitik kotxin ekarri nau (nor-nork) / Donostitik librua ekarri 'it (Nor-nori-nork) / Letzia asko gustatzen zitt erabiltzen dituzte. Gazteek berriz Donostitik kotxin ekarri nau / Donostitik librua ekarri nau /Letzia asko gustatzen nau. Eta hitanoan, gauza bera gertatzen zaigu: kasu guzti hauetan, zik edo zin erabiltzen dugu, gaur egun.
(Eta Fraile ahizpek eta Oiartzuarren baitan-en jaso ditugun hitanoko ia forma guztiak, nahasketan hau daukate. Baina horrek ez du esanahi denek gaizki erabiltzen dutenik. Izango dira ondo erabiltzen dituztenak. Komeni zaigu, beraz, ondo erabltzen dutenen edota zaharragoen formak jasotzea, hitanoko jatorrizko forma horiek ezagutzeko). Hain xuxen ere, askotan hitanoz ari garenean, orokorrean hizketa aberatsago erabiltzen dugu (arkaikoagoa edo). Eta aditzetan ere nabaritzen da. Badira kasuak, pertsona berak, zuka gaizki ibiltzen duen aditz-sistema, hitanoz ongi erabiltzea. Adibidez: zuka ari denean Ne laun guziyaiy festak asko gustatzen yote (izkate esan beharrean; Nor-nori erabili beharrean, nor-nori-nork) eta gero, hitanoz ari denean, kasu berean esatea Ne laun guziyaiiy festak asko gustatzen izkiotek (ongi erabiliaz, Nor-nori).
4.2 Aldaerak:
4.2.1 Bokaletan etakontsonanteetan. Askotan gertatuko zaizue, zuek ñet erabiltzen adibidez, eta zuen aurrekoak ñat esatea. Berdin: zakañet/zakañat. Edo ziuk/ziguk edo giñunan/ginttunen. Normalean auzotik auzora izaten diren ezberdintasunak dira: Iturriotzen esaterako ñet gehiago entzuten da, baina Ergoienen ñat... (Irizarren datuak. Euskaltzaindia). Hauek ez dira akatsak, baizik eta erro bera daukan aditz beraren aldaerak, denak ere ontzan eman daitezkeenak.
4.2.2 Ezberdina da gattuken/giñun: Orainaldian gattuk denei lehenaldiko -en atzizkia jarri eta kitto. Edo formaz aldatzen denean: gattuk orainaldina eta lehenaldian giñun. Hauek akaso akatsak dira, forma jatorrena giñun izango litzake eta. Baina kalean askotan entzungo ditugu bi formak.
4.2.3 Berdin ttun eta ttunen: Batzuetan ttun hori lehenaldira eramateko ttuken entzungo dugu, baina forma jatorragoa izango litzake ttun. Hitz honek gainera bi erabilera dittu: gizonezkoek lehenaldirako erabiltzen dute (zukako zin, toka ttun -ziren-) eta emakumeek orainaldian erabiltzen dute (zukako dia, noka ttun -dira-).