HIKA-HITANOA

SARRERA

Hika hizketa lagunari edo solaskideari zuzentzeko modu informala da. Hika diogu, baina aitor dezagun, deus baino lehen, hika horren atzean hitanoa ere ezkutatzen dela.

Bilakabidea

Aspaldiko euskaldunek hika hitz egiten zioten elkarri, HI solaskideari eta ZU solaskideei: hi gaurko zu zen eta zu gaurko zuek. EGON aditzarekin argi ikus daiteke jokabide zahar hori:

NOR singularra: Ni NAGO, Hi HAGO, Hura DAGO.                                 

NOR plurala: Gu GAUDE, Zu ZAUDE, Haiek DAUDE.            

Erdi Aroan, ordea, tratamendu bikoiztasuna sortu zen hizkuntza askotan, baita euskaran ere. Tratamendu bikoiztasuna solaskide arruntari (lagunari, ahizpari, bikoteari...) eta "goi mailako" solaskideari (apaizari, medikuari, etxe batzuetan gurasoei...), hizkuntzaren bidez, tratu desberdina ematea da. Horrela, tratu arruntean hika erabiltzen segi zuen euskaldunak (HI) eta errespetuzko tratuan plurala erabiltzen hasi zen (ZU).

Denborarekin, ZU errespetuzko trataera zabaldu eta tratu arruntean ere erabiltzen hasi zen, HI hori baztertuz eta ZU plurala singular bihurtuz:

NOR singularra: Ni NAGO, (Hi HAGO), Zu ZAUDEHura DAGO, Berori DAGO.  

NOR plurala: Gu GAUDE, Zuek ZAUDETE, Haiek DAUDE.

Beraz, pluralaren lekua "hutsik" geratu zen eta plural berria edo birplurala sortu zen: ZUEK. Bestalde, errespetuzko trataera berria sortzeko beharra ere ikusi zen eta BERORI sortu zen.

Aldaketa horien ondorioz, hika azpi-leku batean geratu eta zuka nagusitu zen. Gainera, hikak konnotazio txarra hartu zuen, hizkera gordin, zakar eta gogorra zela uste baitzen, errespetu gutxiko mintzamoldea. Hori dela eta, hikaren transmisioa moztu egin da etxe askotan. Eta transmisioaren etenak hika desagertzeko bidean jarri du gaur arte.

Gizonezkoekiko hika (toka) egoera hobean dago emakumezkoekiko hika (noka) baino. Halere, ez da etxaferuk botatzeko modukoa eta denok dugu hizkera jator honi eusteko ardura.

Zergatik dago toka noka baino egoera hobean?

Nesken artean hika egitea gaizki ikusia izan da. Zakar eta gogor adjektiboak, nonbait, ez ziren emakumearekin bat heldu. emakumeak fina izan behar baitzuen. Gizonezkoak beti izan du askatasun handiagoa. Hari horri segika, hika mutilen kontu gisa hartu izan da, eta hika egin eta transmititu duten guraso gehienek semearekin hika egiten jarraitu dute; alabarekin, berriz, ez. Horrez gain, etxean hikarik jaso ez duen mutil askok kalean ikasi du, sozializazio eremuetan: kuadrillan, tabernan, elkarteetan, kiroletan, ehiza-lagunekin...

Ikuspegi aldaketa

Hikaren inguruko ikuspegia aldatu egin da: eskerrak! Orain, ttur-ttur, konnotazio positiboa hartzen ari da.

Hikak konfiantza, konplizitatea eta gertutasuna sortzen du hizketa-lagunen artean; identitate marka bat da, nolabaiteko lotura eragiten du gure sustraiekin eta hizkuntzarekin. Horrez gain, komunikatzeko beste baliabide bat eskaintzen digu, baliabide informal eta naturalago bat.

Gainera, hika garrantzia hartzen ari da emakumeen ahalduntzean ere, noka baliabide egokia baita emakumeen arteko konplizitatea sustatzeko eta emakume-gizonen arteko harreman horizontalagoak eraikitzen laguntzeko. Beraz, berdintasunaren aldeko keinua izan daiteke hika.

Bada kontuan hartu beharreko beste kontu bat. Genero maskulinoaren eta femeninoaren marka hikaren berezitasuna da; hika egiten dugunean, tradizionalki, parean duguna emakume edo gizona izan, aditz-forma aldatu egiten baita: ingo ñeu (noka) edo ingo yeu (toka).

Halere, hika berreskuratu nahi badugu, egungo jendartera moldatu beharra dugu eta ezin ditugu ahaztu emakumezko zein gizonezko ez direnak. Beraz, noka eta tokaren erabilera librearen aldekoak gara; hika biren arteko tratua denez, norberak erabakiko du berari zein moldetan hitz egitea nahi duen (noka, toka, zuka...).